17/09/2026 a las 14:08h.

Udako pilota txapelketak oraindik amaitu gabe daude baina emakume pilotariek asteburuan ekingo diote denboraldi berriari Hiru Hiriburuak txapelketarekin. Hiru mailatan jokatuko da txapelketa, gazteak, promesak eta elitea. Gasteizen ekingo diote txapelketari igandean, irailaren 20an, eta ondoren Donostian eta Bilbon ere jokatuko dituzte partidak.

Txapelketa maila guztietan pilota mistoarekin jokatuko da eta edozein emakumek parte hartzeko aukera izan du, hiru mailatako batean. Elite maila berrikuntza batekin dator, izan ere Amaia Aldaik atzelari postuan jokatuko du, Irati Benito bikotekidearekin. Gizonezkoetan Mikel Urrutikoetxeak eginiko balentria errepikatzen saiatuko da dimoztarra aurreko koadroetatik atzekoetara mugituz

Gainera, txapelketak berri on bat ere badakar, Leire Garai berriro ere kantxara itzuliko baita, belauneko lesioa gainditu ostean. Bi urte eman ditu aurrelari gasteiztarrak kantxetatik kanpora eta, asteburuan, etxean egingo du itzulera Itsaso Erasunekin batera.

Elite mailan zortzi bikote arituko dira lehian, aipatutako Benito-Aldai eta Garai-Erasunekin batera, Salsamendi-Bertiz, Ibarrola-Oses, Zabaleta-Mendizabal, Etxegarai-Capellan, Arrizabalaga-Zabala, eta Sagardui-Bergara egongo dira. Lau bikoteko bi multzotan banatuta jokatuko dute. Partida guztiak egun berean izango dira, hala ere.

Hiru Hiriburuak txapelketako lehenengo jardunaldia Beti Jai pilotalekuan jokatuko da. Arratsaldeko 16:00etatik aurrera pilota maratoia jokatuko da, zortzi bikoteen arteko lau partidekin. Bertako irabazleetatik aterako dira final laurdenak jokatuko dituzten bikoteak.

Finalerdiak datorren urriaren 4an jokatuko dira Donostiako Atano III.a pilotaleku historikoan, eta finalak urriaren 11an jokatuko dira Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Aurreko edizioetan bezala, jaialdiko final nagusia Etb1en eta EtbOn plataforman zuzenean eskainiko dira.