Erea Cobas
Aretxabaleta
12/08/2026
Actualizado a las 14:49h.
Kaparrak taldea Aretxabaletan jaio zen 2023. urtean eta geroztik Euskal Herriko eta Nafarroako herri ugarietan ibili dira txosnaguneko gau giroa piztuz eta jende guztia dantzan jarriz. 2026ko maiatzaren 13an atera zuten 'Goreti' izeneko bigarren diskoa. Hilaren 15ean birari hasiera eman zioten Urduñan. Azpeitia, Irun, Eibar eta Lizarra bezalako herrietan egon ondoren, abuztuaren 28an amaituko da Elgoibarren.
Hasieran, Los Delinqüentes taldearen eta euskal abestien bertsio 'runberizatuak' egiten zituzten bakarrik, baina denborarekin abesti propioak egiten hasi ziren, «Los Delinqüentesen tributu bat bezala hasi zen dena eta denborarekin taldekide batek hartu zuen abestiak egiteren iniziatiba», azaldu zuen Markel Perezek, taldeko gitarristetako batek.
Garagartza auzoan hasi ziren entsaiatzen eta handik gutxira eman zuten haien lehenengo kontzertua, «Garagartzen jotzen hasi eta hilabete batera San Miguel bezperan proposamen bat iritsi zitzaigun eta Aretxabaletan bertan eman genuen gure lehenengo kontzertua», adierazi zuen Perezek. Bertan bertsioak besterik ez zituzten jo, izan ere, oraindik ez ziren hasi abesti propioak ekoizten.
Kaparrak «kuadrilla giroan» sortu zen. Batzuk zerotik ikasi zuten instrumentuak jotzen. «Pixkanaka kuadrillako lagunak animatzen joan ziren, Eñaut abeslari bezala hasi zen, gero Endika ere animatu zen, Unax kaxoian...», gogoratu zuen Markel Perezek. Gero txaloak gehitzeko erabaki zuten eta beste hiru lagun animatu ziren. Beranduago herriko beste bi fitxaketa gehitu ziren taldera: Markel Elortondo 'Karapaixo' gitarran eta Josu Irure baterian. «Markel sartu zenean hasi ginen gure musika egiten, berak proposatu zuen gure lehenengo abestia, 'Bollikau', eta hor hasi zen dena», adierazi zuen Perezek.
Los Delinqüentes eta gero
Kaparrak izena Los Delinqüentes taldearen ohorean ezarri zuten, «haiek 'El sentimiento garrapatero que nos traen las flores' izeneko album bat daukate eta 'garrapata' hitza euskaraz kaparra da», azaldu zuen gitarristak.
Gaur egun, 10 pertsonek osatzen dute taldea eta denek pisu berdina ez duten arren, guztiek egiten diote ekarpen berezia taldeari. «Adostasun bat daukagu zazpi taldekideen artean, horietako norbaitek ezin baldin badu kontzertua eman, bertan behera geratzen da. Hala ere, hamarrek baldin badaukagu joateko aukera hobeto», azaldu zuen Josu Irurek, bateriak. «Txaloak ematen ditugunak 'showa' emateko gaude», gehitu zuen Aritz Zubiak. Batzuetan Raimundo el Canasteroko taldekide batek laguntzen die, «kontzertu garrantzitsuetan Oier etortzen da eta itxura ona ematen dugu». Horregatik Irurek azpimarratzen taldean ez direla hamar bakarrik, hamabi baizik, «hamar gehi Oier eta eguzki, gure musika teknikaria».
Newsletter
'Bollikau' izan zen taldeak orain duen ospeari hasiera eman zion abestia. Hura Gasteizeko gaztetxean aurkeztu zuten lehenengo aldiz. Kanta honek lortutako ospeak «ustekabean» harrapatu zituen taldekideak. «Aretxabaletak 7000 biztanle ditu eta uste genuen asko jota 7000 entzule izango zirela», zion Irurek. «Guk ez genuen abestia ospea lortzeko egin, baizik eta une hori oroitzeko eta hilezkortzeko», adierazi zuen Zubiak.
«Herri osoa jaietan kale erdian gurekin edukitzea herriak gu hemen nahi gaituenaren seinale izan zen»
Hiru urteetan taldeak espero ez zituzten gauzak lortu dituzte, «hasieran gu ibiltzen ginen kontzertuak egiteko eskatzen eta orain guk aukeratu behar dugu non jo», azaldu zuen bateriak. Aldaketa honek «oso pozik eta pribilegiatuak» sentiarazten ditu taldekideak, alabaina, arazoak ere izan dituzte, «guregatik izango bazen toki guztietara joatea gustatuko litzaiguke baina bakoitzak bere lana dauka eta ezin gara denetara heldu», azaldu zuen Josu Irurek. Gainera, taldearekin hasi eta hilabete gutxira Gasteizeko Jimmy Jazzean jotzea «erokeri» bat iruditu zitzaien. «Guretzat hasieran Bergarako gaztetxean jotzea adibidez pasada bat zen», azaldu zuen Zubiak. Josu Irurerentzat Bilboko aste nagusian jotzea «amets» bat izan zen, «txikitan galdetzen zidatenean ea non gustatuko litzaidake jotzea beti Bilboko aste nagusia esaten nuen ezinezko kontu bat iruditzen zitzaidalako eta Kaparrakekin bertan jotzeko aukera izan genuen», zion. «2025 eta 2026ko kontzertuak hartzen badituzu hasiera batean ez genuke imajinatuko herri horietako %80an jotzea», gehitu zuen.
'Urtzi' izeneko albumak, taldeko lehenengoa, harrera «ikaragarria» izan zuen eta bigarrenak «are hobea». «Jende asko etorri da kontzertu guztietara eta, gainera, asko eman dute», aipatu zuen Irurek. «Askotan plazak jendez lepo zeuden eta gu gainezkatuta sentitu gara», gehitu zuen Markel Perezek. Hala ere, horiek «salbuespen batzuk» izan dira.
Kontzertu guztiak, bereziak
Kaparrak argi dute haien musikarekin transmititzea lortu nahi dute: «poztasuna, mugimendua, giro ona eta irribarreak». «Gure abestiak oso dantzagarriak dira eta entzuteko errazak», zion Perezek. «Ezin dugu hainbeste emozio ezberdin sentiaraziko dizkizun musika egin, baina badugu herriko plaza dantzan jartzeko eta giro ona sortzeko gaitasuna», adierazi zuen Josu Irurek.
Kontzertuetara gerturatzen diren pertsonen gogoak eta zoriontasuna eszenatokian dauden taldekideengan ikusi daiteke. «Nik super ondo pasatzen dut oholtzaren gainean eta ikusten badut jendeak ondo pasatzen duela, nik bi bider gozatzen dut», zion taldeko bateriak.
«Ezin dugu hainbeste emozio sentiaraziko dizun musika egin, baina badugu plazak dantzan jartzeko eta sortzeko gaitasuna»
Josu Irure
Azken biran egin dituzten kon-tzertu guztiak bereziak izan diren arren, hirurak bat datoz esanez denak izan direla bitxiak. Hala ere, Lizarran, uztailaren 30ean egindako kontzertua azpimarratzen dute, bere esanahiarengatik. «Txosnak oztopatzen ari ziren herri batera joan ginen eta baimen gabe egin genuen kalean. Kale-kontzertua izan zen, bi bozgorailu eta jendez inguratuta geunden. Amaieran ezin zen desberdindu taldeko gitarrista eta publikoko jendea», azaldu zuen Aritz Zubietak.
Josu Irurek beste bi kontzertu nabarmendu zituen: 2024ko Andramaixetan Aretxabaletan emandakoa eta urte berdinean Zumaian eskainitakoa. Aretxabaletan ezin izan zuten txosnagunean jo eta kale erdian jarri ziren, «herri osoa jaietan kale erdian gurekin edukitzea herriak gu hemen nahi gaituenaren seinale izan zen», zion. Bestalde, Zumaiako kontzertuan konturatu ziren «zerbait berezia» egiten ari zirela. «Nire gurasoak txundituta geratu ziren eta nire kuadrillako bat oso pozik eta disfrutatzen zegoen, nahiz eta hasiera batean gure musika ez zitzaiola bat ere gustatzen esan zigun», gogoratu zuen Irurek.
Bide luzea aurretik
Kaparrak euskal musika eszena berriaren parte da. Pandemia ostean abeslari berri ugari eta estilo desberdin asko agertu ziren, taldeak «kontzientziaz eta arduraz» bizi dute mugimendu honen parte izatea. «Ikusten dugu kalean sortu den musika hiltzen dioala, dena makro-kontzertuak eta festibalak dira, eta taldeek haien jatorria ahazten dute», azaldu zuen Zubiak. Kaparrak, aldiz, argi dauka «nondik gatozen, zeintzuk garen eta nora joan nahi dugun».
Taldea ez da musika egitetik bizi, baina gastuei aurre egiteko aukera dute. Etorkizunera begira Irurek aipatzen du ez litzaiokeela gustatuko musikatik bizitzea, «uste dut honetaz biziko bagina Kaparrak bere esentzia galduko zuela», zion. Gainera, zaletasun bat bezala hartzea nahiago duela gehitu zuen, «hobby bat bezala hartzea gustatzen zait, izan ere, musika denetik ihes egiteko modu bat bezala erabiltzen dut», aitortu zuen. Horrez gain, zaletasun hau profesionalizatzearen arazoak ere zerrendatu zituen, «diru kontuak, erantzukizun gehiago eta kontzertu mugatuak, besteak beste». Oraingoz beraien baldintzekin «gustura» daudela adierazten dute.
Hemendik hamar urtera begira ez dute gauza askorik eskatzen, «orain gauden bezala jarraitzea, aukera izatea herri ezberdinetan jotzeko, daukagun publikoa mantentzea eta gure abestiak orain daukaten indar berdina edukitzearekin konformatzen gara», aipatu zuen Josu Irurek. «Hasieran geneuzkan espektatiba guztiak gainditu ditugu eta hurrengo urteetarako jada ez dakigu zer eskatu», azaldu zuen Aritz Zubiak. «Amets idiliko bezala putzua zeharkatzea eta Argentina batean jotzea izango zen, baina orain gauden moduan mantentzen bagara ere ondo egongo ginateke», gehitu zuen Markel Perezek.